Erabaki zaila, datuak eskuan direla hartu beharrekoa
Haur Hezkuntzako milioi bat ikasle baino gehiago (hiru eta sei urte bitarteko haurrak) lehen aldiz joango da eskolara datorren ikasturtean. Horietatik, gutxi gorabehera %65 ikastetxe publiko edo kontzertatuetara joango dira eta gainerakoa ikastetxe pribatuetara.
Apirilean eta maiatzean zehar, egokien iruditzen zaizkien ikastetxeetan matrikulatu beharko dituzte seme-alabak guraso askok. Baina, egia esan, aukera ez da oso zabala: irakaskuntza publikoan, familiaren errentak, ikastetxea etxetik hurbil egoteak, neba-arreba gehiago eskola berean izateak baldintzatu egiten dute ikasleak hartzea eta gutxitu egiten da, beraz, gurasoen hautatzeko aukera. Eta ikastetxe pribatu eta kontzertatuei dagokienez, plaza kopuru urria izatea eta gurasoentzat ikastetxe mota horrek dakarren gastua eratu zituen 400.000 pezeta arte urteko eta ikasle bakoitzeko Lehen Hezkuntzan ikastetxe pribatuetan eta batez beste 50.000 pezeta kontzertatuetan; ikastetxe publikoetan, berriz, 15.000 pezeta inguru) izango dira hautaketarako iragazki nagusiak.
Zifra horietan (duela urtebete inguru kalkulatu zituen CONSUMER aldizkariak) honako kostu hauek sartzen dira: eskolatzea, matrikula, homologazio kuota, eskola-asegurua, erizaintza, gelako material galkorra, guraso elkartea eta eskola materiala eta testu-liburuak.
Edozein modutan ere, eta berdin dio ikastetxea pribatua, itunpekoa edo publikoa izan, gurasoak bertara joan eta ikustea komeni izaten da eta baloraziorako datu eta irizpide garrantzitsuak emango dituen informazioa bertatik bertara biltzea: ikastetxeko foiletoetan aurkituko duzu, edo seme-alabak ikastetxe horretara bidaltzen dituzten gurasoekin hitz eginda, edo ikastetxeko arduradunekin solasaldi luze bat izanez... Baina hori ez da guztia; badira beste informazio iturri batzuk ere. Urrutirago joan gabe, CONSUMER aldizkariak gogoeta egin du, hezkuntza arloko hainbat profesional aditu eta ikasleen guraso elkarteak aholkulari hartuta, seme-alabentzat ikastetxea hautatu beharrean aurkitzen diren aita-amek baloratu beharreko alderdi nagusiei buruz.
Txosten honen ondorioak baliagarri izango dira, halaber, euren seme-alaben ikastetxeak eskaintzen duen egiazko kalitatea gutxi gorabehera ezagutu nahi duten gurasoentzat ere.
Publikoa ala pribatua?
Lehen erabakia publiko eta pribatuen arteko aukera egitea da. Baina dilema hori familia askotan gertatzen da: ikastetxe pribatuen tarifak askoz ere handiagoak izateak seme-alabak eskola publikoetara eramatera behartzen ditu hainbat guraso, besterik nahi izan arren ere. Guraso askok, zalantzarik ez, dirua ez bestelako arrazoiengatik eramaten dituzte haurrak eskola publikoetara (ustez irakasleek prestakuntza hobea dutelako edo seme-alabek gizarte maila guztietako haurrekin bizi izateko aukera handiagoa izango dutelakoan); baina bistan da zenbaitek ikastetxe pribatu edo kontzertatuetara bidaliko lituzketela, horrek urtean zehar diru ordainketa handiagoa egitea eskatuko ez balu. Horrenbestez, ikastetxearen hezkuntza proiektua eta bultzatzen dituen baloreak, irakaskuntzaren kalitatea eta etxetik hurbil izatea bigarren mailan geratzen dira, lehen erabakia diruari bakarrik begiratuta hartu behar izaten baita etxe askotan.
Seme-alabak Lehen Hezkuntzako ikastetxe kontzertatu batera bidaltzeak, batez beste, eskola publiko batekoa baino hiru aldiz gastu handiagoa dakar. Eta kopuru horrek larregikoa dirudi kontuan izanik ikastetxe kontzertatuek jasotzen dituzten laguntza publikoek aurrekontuaren %88 arte ordaintzen dutela. Erabat modu pribatuan lan egiten duen ikastetxe batean (diru laguntza ofizialik ez duenean), kopuruak izugarri igotzen dira eta 10 aldiz biderkatzen da ikastetxe kontzertatuaren prezioa eta 25 bider eskola publikokoa.
Bigarren Hezkuntzan zertxobait garestiagoak dira prezioak, baina joera bertsua dago. Hala ere, gehiago ordaintzeak ez du esan nahi seme-alaben irakaskuntzaren kalitatea ere hobea denik: itunpeko ikastetxeen kostu handiek ez dakarte beti kalitate handiagoko eskaintza akademikoa.
Formazio maila Ikastetxe
Bateko ikasleek lortzen duten formazio maila (titularitatea gorabehera), irakasleen kalitatearekin, ikastetxearen gestioarekin eta ikasgaien planifikazioarekin lotuta egon ohi da gehienetan. Funtsezko puntu horien berri izateko, ikastetxeak azken urteetan izan dituen emaitzen berri jasotzea komeni izaten da (ikasle ohien ibilbidea, unibertsitatera iritsi diren ikasleen kopurua, etapa guztiak ematen badira ikasleek selektibitatean izan duten emaitza etab. begiratuz). Eta ikastetxe horretan urte batzuk daramatzaten ikasleen gurasoekin harremanetan jartzea, haurrek jasotzen duten heziketarekin gustura dauden jakiteko. Eta azkenik, gure seme-alaben heziketaz arduratuko diren irakasleei ikustaldi bat egiteak aukera emango digu haien jarrera didaktikoaz, eskarmentuaz eta pedagogikoki erabiltzen duten metodologiaz ohartzeko. Gero eta ohikoagoa da ikastetxeek kanpoko enpresaren baten kalitate sistemak ezartzea, eskolan ematen den irakaskuntzaren kalitate parametroak egiaztatzeko. Galde dezagun aukeren artean daukagun ikastetxeak kalitatearen kontrolerako horietako sistemarik duen ala ez.
Publikoak, pribatuak eta kontzertatuak
- Ikastetxe publikoak Doakoak. Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza (DBH) ematen dute. Hezkuntza Ministerioak, udalek, diputazioek, autonomia erkidegoek edo patronatu publikoek kudeatzen dituzte. Behar adina plaza ez baldin badago, gurasoek ez dute ia hautatzeko aukerarik izaten. Administrazioak ezarritako onartze-baldintzak betetzen dituzten ikastetxeetara joateko aukera bakarrik izaten da. Gehienetan, ikastetxe pribatu eta kontzertatuetan baino ikasle gutxiago izaten da gela bakoitzean. Eskola publikoa laikoa da: erlijioko ikasgaia aukerazkoa da.
- Ikastetxe pribatuak Pertsona pribatu batek, fisiko nahiz juridikoak, kudeatzen ditu. Heziketa ikasleen gurasoek finantzatzen dute, hezkuntzako maila guztietan. Ikastetxeek LOGSEren pauten barruan, hautazko ikasgaiak, irakaskuntza metodoak, funtzionamendu arauak eta eskolako eta eskolaz kanpoko kultur ekintzak ezartzeko aukera dute. Irakaskuntza maila guztiak ematen dituzte. Euren ideiak ezartzeko baimena dute, baldin eta Espainiako Konstituzioa eta irakasle, guraso eta ikasleen eskubideak errespetatzen badituzte.
- Ikastetxe kontzertatuak Ikastetxe pribatuak dira, baina diru publikoak kostuen zati handi bat ordain dezan Administrazioarekin hitzarmenak dituzte. Ikastetxe bakoitzean gela kopuru jakin bat hitzartzen da, baina gehienetan ikastetxeko gela gehienei eragiten die hitzarmenak. Hezkuntza eta Kultura Ministerioaren arau jakin batzuk errespetatu behar dituzte (ikasleak onartzeko irizpideak, gela bakoitzeko gehienezko ikasle kopurua, matrikulazioa tramitatzeko epeak...). Batez ere Lehen Hezkuntza eta DBH ematen dute, (ia) dohainik. Haur Hezkuntzako mailak gehienetan ez dira kontzertatuak izaten. Baina, maila guztietan, zerbitzu osagarriak (jangela, garraioa, eskolaz kanpoko ekintzak, guraso elkartea eta beste partida txiki asko) gurasoek finantzatzen dituzte ehuneko ehun. Ikastetxe kontzertatu gehienak ikastetxe erlijiosoak izaten dira eta ikasleen heziketan ideia propioak jarraitzen dituzte.
Atzerriko hizkuntzak
· Espainiako Estatuan oso atzera gaude oraindik atzerriko hizkuntzen ezagutzari dagokionez eta horixe da, hain zuzen ere, ikastetxe publiko zein pribatuen erronka handienetako bat. Ikastetxe askotan bigarren edo hirugarren hizkuntza gero eta lehenago sartzen den arren, oraindik astean oso ordu gutxi eskaintzen zaizkio diziplina horri.
· Egiaztaturik dago ikastetxean 6 urtetik 18ra bitartean astean hiru orduz atzerriko hizkuntza bat ikasi duen pertsonak hutsune handiak izaten dituela hizkuntza horretan moldatzeko, batez ere ahozko espresioan. Horregatik, oso positiboa da ikastetxe batek atzerriko hizkuntzari Administrazioak ezarritako orduak baino gehiago eskaintzea eta eskolaz kanpo hizkuntza hori indartzeko ikastaroak edo ikasitakoa hobetzeko atzerriko egonaldiak antolatzea (udan edo ikasturte osorako).
· Hizkuntzak, ikastetxe elebidunetan.
· Bi eratako ikastetxe pribatu elebidunak daude: estatuko ikasketa plana jarraituz gaztelania beste hizkuntza batekin bateratzen dutenak eta beste herrialde bateko ikasketa plan ofiziala ematen dutenak. Bigarren horietan bermaturik dago bigarren hizkuntza (atzerrikoa) ikastea, baina kostua oso handia da ez dago edozeinen esku.
· Ikastetxe elebidunaren aldeko aukera egiten bada, interesgarria izango da gaztelaniaz zenbat eskola eta beste hizkuntzan zenbat emango diren jakitea, hizkuntza horiek sartzen zein adinetan hasiko diren eta zein mailatan sartuko diren.
Ikastetxearen filosofia, giroa eta irudia
· Ikasleek jasoko duten prestakuntza akademikoaren berri izatea bezain garrantzitsua da zein ingurunetan heziko diren jakitea. Ingurune hori ezagutzeko eta zein printzipio eta balore irakasten duten jakiteko, urte batzuk ikastetxean daramatzaten ikasleen gurasoekin harremanetan jartzea komeni da, ikasleen arteko elkarbizitza ona den eta ikastetxean bizi den ikasketa giroa egokia den etab. jakiteko.
· Eskolak ez ditu ezagupenak bakarrik transmititzen; gurasoengandik jasotzen duten heziketa osatuz pertsonak hezteko funtzioa ere badu eskolak. Horri buruz ere hezkuntza erreforma bat egiten ari dela esan genezake, zeharkako gaiak edo curriculum soziala alegia. Pertsonaren heziketa osoa bultzatzea da helburua eta horretarako, moral eta gizabidezko gaiak sartu dira, hala nola bakerako heziketa, osasunerako heziketa, sexu heziketa, ingurumenari buruzkoa, kontsumokoa, bide-heziketa... Gurasoek sakon ezagutu behar lukete ikasgelak zein ikuspegiren arabera arautzen diren eta nola lan egiten den. Zuzenean ikastetxeko irakasleekin hitz egitea da onena eta curriculum sozialaren kontzeptua nola lantzen duten zehazki azaltzea eskatu.
Ikastetxe laikoa edo erlijiosoa
· Ikastetxe erlijioso gehienak kontzertatuak edo pribatuak izaten dira. Ikastetxe erlijiosoak entitate konfesional batek zuzendu ohi ditu eta hezkuntza proiektu propioa izaten dute (balore kristauetan orientatua), beti ere LOGSEren izpirituaren eta letraren barruan. Irakasle batzuk (gero eta gutxiago) ikastetxea zuzentzen duen ordena erlijiosokoak dira. Ikastetxe laiko pribatuetan, portaera arauak eta hezkuntza proiektua ikastetxe bakoitzaren ideien araberakoa izaten dira. Balore moralak ez dira bigarren mailan geratzen, baina alderdi erlijiosoa albora uzten da eta, beraz, hala nahi duen ikasleak aukera dauka balore erlijiosoetan hezteko eta nahi ez duenak balore unibertsalen aldeko aukera egin dezake. Egokiena (ezinbestekoa izan ez arren) gurasoen bizi izateko eta pentsatzeko eraren eta ikastetxearen ideien artean koherentzia izatea da, horrela ez baitzaie seme-alabei nahasterik sortuko.
Ibilbidea eta prestigio soziala
· Ikastetxeak historia luzea izatea positiboa izan daiteke, eskarmentua eta irakasleen nolabaiteko batasuna eta jarraikortasuna erakutsiko lukeelako. Baina alferrik da irakaslerik onenak edukitzea urtero berriak sartzen badira, ikastetxearen filosofia eta metodologia didaktikoaz busti beharko baitute horiek.
· Horregatik, gomendagarria izaten da ikastetxearen oinarri batek, hezurdurak -ikasle zein kudeatzaile edo lanerako estiloen aldetik- nolabaiteko egonkortasuna izatea, denboran zehar irauten duen ibilbide horrek nekez aldatzen diren tradizioei alferrik eustea ere ekar dezakeen arren. Malgutasun eza, horrenbestez, negatiboa izan daiteke ikastetxearentzat eta garai eta metodologia berrietara egokitzeko beharrezko diren aldaketa prozesuetan geldotasuna eragin dezake. Horrenbestez, egonkortasuna eta berrikuntza bateratzen dituen oreka izango da eskolako kalitatearen gakoa. Ez da ahaztu behar ikastetxeek ere izaten dituztela zikloak eta garai hobeak eta okerragoak. Hori dela eta, ikastetxeak ospea eta tradizioa izan arren, bisitatu eta prestazioei buruzko informazio zehatza eta eguneratua biltzea komeni da.
Irakasleak
· Irakasleen egonkortasuna funtsezkoa da ikastetxe baten hezkuntza lanaren sendotasunerako. Izan ere, ikastetxe baten hezkuntza proiektua irakasle bakoitzaren ideia konkretuen gainetik badago ere, heziketan zeregin estrategiko funtsezkoa dute hezitzailearen jarrera pertsonalek eta ikaslearen aurrean duten portaerak eta baita planteamendu pedagogiko berriak sartzeko jarrerak ere. Urteetan zehar osatutako taldea lortzen denean eta behar bezain prestazio ezagunak eta kontrastatuak eskaintzen dituenean lortzen da irakasleen egiazko kalitatea. Baina irakasleen larregizko higiezintasuna zurruntasun, konformismo eta dinamikotasunik ezaren adierazle ere izan daitezke.
· Azken bost urteetan ikastetxean lan egin duten irakasleen portzentajea hartzen da ikastetxe bateko irakasle-talde egonkorra neurtzeko. Ikastetxe bat egonkorra da zentzu honetan pertsonalaren %75 azken bost urteetan plantilan egon denean. Espainiako estatuan ikastetxeen %70ek betetzen du baldintza hau.
· Irakasleen prestakuntza maila da beste kontu bat. Gurasoentzat ez da erraza kalitate profesionalari buruzko informazioa lortzea (titulazio akademikoa, trebezia didaktiko eta pedagogikoa, irakaskuntzako esperientzia...), baina beti egin daiteke zerbait. Alderdi horretan aurrera egiteko biderik onena ikastetxea kudeatzen duenari zuzenean galdetzea da.
ORAINDIK EZIN DUT ULERTU NOLA GURASOEK ZALANTZETAN EGON AHAL DIREN IKASTETXE PUBLIKO/KONTZERTATU/PRIBATUA AUKERATZEKO. ESKOLA PUBLIKOAREN ABANTAILAK(PREZIOA, RATIOAK, BALIABIDEAK... ) EZAGUTUTA, ZERGATIK EZ DITUZTE MATRIKULATZEN EUREN HAURREK ESKOLA PUBLIKOETAN? GERO KURTSOA HASITA DAGOENEAN, ENTZUN BEHAR DA, AI! UME ASKO DAUDE GELAN.... HALAKO KOMENTARIO ASKO ENTZUN BEHAR DIRA!
ResponderEliminarHORRETAZ APARTE, HORRELA JARRATZEN BADUGU, AZKENEAN NIK USTE ESKOLA PUBLIKOEN ESKAINTZA MURRIZTUKO DUTE!!