lunes, 30 de abril de 2012
MUSIKA IKASI
Musikaren irakaskuntza
Gainditzeke daukagun ikasgaia
Musikaren ikaskuntzak munduaren ezagutza integrala izateko aukera ematen du
Literatura irakastearen helburua idazleak sortzea ez den bezala, edo heziketa fisikoaren xedea atletak egitea ez den moduan, musika ikasteak ez du musikariak sortzea esan nahi. Pertsonen heziketako eta kultura zabaltzeko ezinbesteko ikasgai den aldetik, munduaren ezagutza integralagoa du helburu musikak, beste ikasgai humanistiko batzuek bezala. Kontua ez da solfeoa menperatzea (orain hizkera musikala esaten zaio); aitzitik, musika tresnak (mendebaldeko mundu honetan ezagunenak direnak behintzat) ezagutu eta identifikatzeko interesa eta denbora ematea baizik; konpositore, interprete, korronte, eskola eta obra unibertsalen jakinduria geure egitea, azken batean. Musika arloko analfabetismoa desagerraraztea urruti dago oraindik, eta areago, onartu beharrean gaude gure gizartean oso urria dela espresio bide horren inguruko ezagutza eta horrek eragotzi egiten digula musikaz erabat gozatzea.
Musikaren zentzua
Espainiako estatuan, orokorrean, osagarri edo zaletasun gisa planteatzen dira gehienetan, eskolako lanekin edo prestakuntza akademikoarekin batera eraman beharreko ikasgai osagarri gisa. Ikasgai hori albora uzteak aldendu egiten gaitu zibilizazio greziarretik, garai hartan ez baitzegoen zalantzarik horren garrantziaz. Musika ikasi eta ulertzeak astronomia, geometria eta filosofia ikasteak adina zentzu zeukan garai hartakoentzat. Pedagogiak dio haurra lehenago espresatzen dela kantuz hitzez baino; haurraren irudimen musikala lagungarri da bere izaera lantzeko eta musikaren izaera progresiboa lagun izaten du haurrak bere bilakaera prozesuan zehar, haur hezkuntzatik hasi eta ikaskuntza maila altuenetaraino, une bakoitzeko gaitasun eta interes espezifikoen arabera egokituta. Hezkuntza Musikalak sentiberatasuna ematen dio haurrari soinuzko munduaren adierazpenak hautemateko, bere espresio-gaitasuna zabaldu egiten du, artea zer den, zer izan behar duen eta zer izan daitekeen ulertzeko gaitasuna sortzen dio eta ingurukoengana hurbildu egiten du.
Kontserbatorio eta eskolak
Kontserbatorioetan edo titulu ofizialak emateko gaitasuna duten zentro pribatuetan Hezkuntza Sistema Antolatzeko Lege Orokorra -LOGSE delakoak arautzen du irakaskuntza eta horrek hiru mailatan sailkatzen du musika arloko formazioa: oinarrizko maila, lau urteko iraupena duena; maila ertaina, hiru zikloz osatua eta horietako bakoitza bi ikasturteko iraupenekoa; eta maila gorena, ziklo bakarrekoa, horren iraupena musika-irakaskuntza bakoitzaren ezaugarrien araberakoa izaten den arren. Adibideren batzuk jartzearren, piano edo biolineko karrera osoa egiteko 14 urte behar izaten dira. Titulazioari dagokionez, maila ertaineko hirugarren zikloa gainditzea diplomatura baten pareko da eta maila gorenekoa, berriz, lizentziaturaren pareko. Irakaskuntza hori, horrenbestez, ikasketa teknikak menperatzen direla, gaitasun batzuk garatu direla eta profesionalki (irakaskuntzan...) musikaren munduan lan egiteko behar diren ikasgai guztietako ezagutzak badituela frogatzen duten titulu akademikoak lortzera dago bideratuta.
Baina badira beste prestakuntza eskaintza batzuk ere, zentro pribatuetan zein eskolaz kanpoko ekintzetan garatzen direnak; musika zaletasun mailan lantzen dute, titulurik emateko gaitasunik eduki ez arren. LOGSE legeak ezarritako irakaskuntza sistema nahiz bestelako metodoak aplika ditzakete.
Akademikoak ez diren heziketa musikaleko metodoak
• Irakaskuntza mota libreagoa da eta ikasleak berak hautatzen du ikasteko era eta lortu nahi duen maila.
• Dalcroze: gorputzaren mugimendua eta musikaren ikaskuntza erlazionatzen dituzte.
• Orff: kantua, dantza, perkusioko musika tresna txikiak eta gorputz espresioa erabiltzen dituzte.
• Kodaly: haurraren kulturako folklorearen bidez ikasten da hizkera musikala, mugimendua, kantua eta dantza bateratuta; izan ere, mendebaldeko musika arrunta idazkerari lotuta ageri bada ere, ez da ahaztu behar beste tradizio batzuetan idazkera ez dela agertzen edo bigarren mailako lekua baino ez duela.
• Suzuki: metodo honek hiru urtetik gorako haurrekin lan egiten du, beti gurasoetako bat aurrean dela. Instrumentuak sartzeko imitazioa eta belarria lantzen ditu. Batez ere sokazko musika tresnak erabiltzen dira.
• Aschero (soinu-koloreak): soinuak koloreekin erlazionatzen ditu. Solfeoaz bestelako lengoaia erabiltzen du eta ez du musika notarik erabiltzen, soinu-koloreak baizik. Bere partitura propioak lantzen ditu. Oso azkar ikasten da.
Musika tresna aukeratzea
Neska-mutikoak notetara ohitzen eta sokazko, haizezko eta perkusiozko musika tresnak bereizten hasten diren unean, gehien gustatzen zaiena eta beren nortasunera gehien egokitzen dena zein den erabakitzen dute. Pianoa eta gitarra dira oraindik arrakasta handieneko tresnak, nahiko erraza baita horiek jotzen ikastea; baina badira biolina, tronpeta edo orkestrako beste edozein musika tresna aukeratzen dutenak ere. Guraso edo irakasleek ere aukeraketan eragin dezaketen arren, musikaren pedagogiako adituek diotenez tresnaren lehen aukeraketa ikaslearen beraren zaletasunek eragin behar dute ahal den neurrian; erakargarri gertatzen zaion tresna aukeratzea komeni da. Espainiako estatuan musikaren irakaskuntzan tradizio txikia dagoenez, bigarren eskuko merkatua urria da eta musika tresna erostea gastu handia izaten da sarritan; horregatik, musika tresna erosi aurretik haurraren zaletasunak garatzen uztea gomendatzen dute eskolek. Hala ere, ikasketa plan berrietan aldi berean etortzen dira Musika-lengoaiaren ikasgaia eta musika tresna aukeratzea eta, horrela, oinarrizko ezagupenik izan gabe aukeratu behar izaten du haurrak instrumentua.
Ez dago belarri txarrik, formazio eza baizik
Akats arrunta izaten da belarri txarra dugula uste izatea eta arazo horrek eragotzi egingo digula kantatzea edo musika tresna bat jotzea. Zenbait pertsonak musika ikasteko gaitasun handiagoa izaten duten arren, musikaren lengoaia ikasteko gaitasuna unibertsala da. Askotan ezintasuna ez da ulertu edo ikasteko ezintasuna izaten, soinua erreproduzitzekoa baizik. Baina horretara ere iritsi egiten da, guztiek ahots ona eta polita eduki beharrik izan gabe.
Gainera, musika ikasteko prozesuak ez du nahitaez esan nahi tresna jakin baten birtuoso izatera iritsi behar dugunik. Musika arloan analfabeto izateari uztea, musika tresnak ezagutzeko gai izatea eta musika mota desberdinak bereizteko gauza izatea ere erronka handia da.
Zentroa hautatzeko irizpideak
Musika ikasteko zentro bat aukeratzeko eta eskolaz kanpoko ekintzetarako gela bat abian jartzeko lagungarri izan daiteke honako irizpide sorta hau:
• Musika ikastea ekintza ludiko, aktibo eta partehartzaile gisa planteatu behar da, mugimendurako eta erritmoaren eta melodiaren inprobisaziorako tarte handia utzita.
• Musikarekiko sentsibilitatea eta plazera garatzea komeni da, teknikak menperatzean emaitza errealak lortzeari bakarrik erreparatu beharrean.
• Haurrak musika tresna bat aukeratu aurretik, aukera desberdinak ezagutu egin behar ditu, ikusi eta entzunda, eta orkestra bateko kide izateko aukerarik izango duen, kamerako talderen batean parte hartu ahal izango duen eta abar aurrez jakinda.
• Taldeek mugatuak izan behar dute, gehienez ere 15 ikaslekoak.
• Jaialdi eta emanaldiak antolatzea ez da lehentasunezko helburua izan behar.
• Ikasleen artean lehia eta konpetitibitatea bultzatzen duten metodologiak baztertzea komeni da eta musika ulertzeko era desberdinak baloratzea.
martes, 24 de abril de 2012
Google ekosistema
Google ekosistemak, aukera asko ematen ditu, bertan, egutegia, blogger, docs, gmail.... ikusi dezakegu
lunes, 23 de abril de 2012
TDAH SINTOMAK, MOTAK ETA TRATAMENDUA
TDAH: nahasmendu horrek ere badu tratamendua
Arreta-gabeziaren nahasmendua (TDAH) ondoretasunezko gaitza da kasuen % 80tan, eta bestela sortu bada, haurdunaldian toxikoak kontsumitzeagatik izan ohi da
Ikasgelan eta etxean inurrien gisa lanean aritu arren emaitza onik lortzen ez duen haurra izan liteke gurea, eta gauzak oso maiz ahazten dituena; Bigarren Hezkuntzara iritsi, eta orduan jabetzen gara zer gertatzen den: arazo bat du. Edo izan daiteke haur mugitu-mugitua, ikasgela osoa dantzan jartzen duten jarrerak dituena, eta baliteke hari Lehen Hezkuntzan antzematea zer nahasmendu duen. Arreta Gabeziaren Nahasmendua eta Hiperaktibitatea (TDAH), hain zuzen. Kalkuluek diotenez, ikasgela bakoitzean gaitz hori duen haur bat bada, gutxienez. Beraz, aski hedatua dago, eta diagnostikoa garaiz egin dezaten eta eskola-porrota ez dadin hainbeste hedatu, funtsezkoa da gurasoak eta hezitzaileak adi egon daitezen eta sintomei errepara diezaieten.
Jokabideak erakusten du zer motatako TDAH den
Guztiek ez dute berdin jokatzen. TDAHa daukaten haur batzuek oso erraz galtzen dute arreta, ahaztu egiten zaie etxeko lanak egitea eta eskolan emandako oharrak gurasoei jakinaraztea. Akordatzea ahazten zaien horietakoak dira, despistatu hutsak. Beste batzuk, berriz, ezin izaten dira geldirik egon eta oso zaila da horiek kontrolatzea ikasgela batetik bestera doazela, ilaran jarrita daudela edo jantokian bazkaltzen ari direla, eta oihuak eta iruzkin desegokiak egiten dituzte. Esan liteke bazter-nahasle peto-petoak direla. Laburbilduz, eskolan jokabide horiek izaten dituzte Arreta Gabeziaren Nahasmendua eta Hiperaktibitatea daukaten ikasleek, eta haien emaitza akademiko apalek ere salatzen dute arazoren bat eduki behar dutela. Eta garaiz antzeman eta tratatzen ez bada, saihestezina izan liteke eskolan porrot egitea. Gaur egun, TDAHa da ikaskuntza-nahasmendurik ohikoena dislexiaren ondotik. Eskola adinean dauden neska-mutilen % 5-10i eragiten die, eta, ikerketa epidemiologikoek diotenez, ikasgela bakoitzean ikasle batek, gutxienez, badauka gaitz hori. Hori dela eta, gurasoek eta irakasleek arretaz zaindu behar dituzte ikaslearen arreta-falta eta emaitza apalak. Hain zuzen, eremu egokia izan daiteke eskola gaitz hori antzemateko. Hori lortzeko, funtsezkoa da jakitea zer sintoma agertzen diren TDAH mota bakoitzarekin. Hiru dira nagusiak:
Nahasmendu hau pairatzen duten guztiek ez daukazte sintoma berberak
- Hiperaktibitatea edo ikasgelan geldirik eta isilik egoteko ezintasuna.
- Oldarkortasuna edo bulkadak kontrolatzeko, txandaren zain egoteko eta solasaldi bat ez eteteko ezintasuna.
- Arreta-gabezia edo kontzentratzeko ezina, antolatzeko ezina eta ahalegin jarraitua eskatzen duten zereginak bukatzeko ezina.
TDAH motak
Nahasmendu hori pairatzen duten guztiek ez dauzkate sintoma berberak. Zein sintoma gailentzen den, mota bateko edo besteko TDAHa izango du. Komunitate zientifikoak era honetan sailkatu ditu:
- Nagusiki hiperaktiboa/oldarkorra. Gehiegizko mugimendua izaten da sintoma nagusia. "Zazpiki hutsak" direla esaten da edo "hitz eta pitz" aritzen direla. Lehen Hezkuntzan errazago antzematen da, baina oso zaila da TDAH bat ziurtasun osoz diagnostikatzea haurrak sei urte egin baino lehen, zeren lehen haurtzaroan haur guztiek izaten baitituzte kasketak, malgutasun gutxi erakusten dute eta beren jokabidea kontrolatu ezinik ibiltzen dira askotan. TDAHa edukiz gero, haurrengan ohiko diren jokabide horiek ez dira desagertzen, iraun egiten dute, eta zerbait oker dabilen seinale izaten da hori.
- Nagusiki arretagabea. Arreta falta izaten da deigarriena, eta horrek berekin dakartza kontzentratzeko eta antolatzeko ezintasuna, eta gauzak ahazteko joera: etxeko lanak, azterketak, notak edo gurasoei eman beharreko beste zernahi. Aurreko TDAH mota pairatzen dutenek ez bezala, hauek ez daukate jokabide disruptiborik ikasgelan; inurrien gisara saiatzen dira lanean, baina ez dute lortzen emaitza onik. Hitz egiten zaienean, beste nonbait daudela ematen du, eta eskolan daudenean, entzuten ari direla dirudi, baina ez dira ezertaz jabetzen. Ilargian bizi direla esaten da, edo beti ametsetan daudela. Nahasmendu honek dauzkan ezaugarriengatik, errazagoa da oharkabean pasatzea. Pairatzen dutenak -neskak dira gehienetan- hurrengo ikasturtera igarotzen dira, eta eskolaren eskakizunak zaildu ahala agertzen dira horien arreta-gabezia, antolatzeko ezintasuna eta gauzak ahazteko joera; hori dela eta, Bigarren Hezkuntzan egiten da arreta-gabeziagatiko nahasmenduaren diagnostikoa.
- Konbinatua. Aurreko bien konbinazioa da (hiperaktiboa/oldarkorra eta arretagabea), eta hauxe da guztietan ohikoena; zailagoa da hiperaktibo/oldarkor motakoa soilik den TDAH bat aurkitzea edo arretagabea soilik dena. Are gehiago, TDAHarekin batera, beste sintoma batzuk ere ager daitezke (tik-ak, adibidez), eta badu lotura ikaskuntza-nahasmendu batzuekin (dislexiarekin, batez ere) edo nahasmendu psikiatrikoekin (haur-depresioa).
Geneetan idatzia dago
Ondoretasunezko gaitza da TDAHa kasuen % 80tan, eta % 20tan soilik izaten da kanpotik hartutako arrazoiren batek sortua (haurdunaldian toxikoak kontsumitzea, adibidez). Haurrek gene kaltetu batzuk jasotzen dituzte gurasoengandik, eta gene horiek aldatu egiten dute garunean dauden neurotransmisore edo substantzia batzuen ekoizpena (noradrenalinarena eta dopaminarena). Aldaketa horrek eta garuneko zenbait egitura (aurrealdeko lobulua) heldu gabe egoteak azaltzen dute nahasmendu honen sintoma-ugaritasuna, eta, halaber, horrek azaltzen du haur horiek ez edukitzea hain garatuak funtzio exekutiboak; hau da, autokontrolerako gaitasunari lotuta daudenak, arazoen konponbidea aurkitzeari (ondorioz, irakurtzen dutenaren zati txiki bat baino ez dute ulertzen, zailtasunak dituzte matematikekin edo kosta egiten zaie ahozko edo idatzizko testu bat egituratzea), eta antolatzeko, planifikatzeko, helburuak jartzeko eta erabakiak hartzeko gaitasunari. TDAH gaitzak oinarri neurobiologikoa duela ulertzea funtsezkoa da gurasoek onar dezaten haurra ez dela gai arreta gehiago jartzeko, eta ez dela ari "adarra jotzen". Zoritxarrez, ordea, oso erraz jotzen da haur horiei adjektibo bidegabeak jartzera, eta ahazkorrak direla esaten da, despistatuak, alferrak, eta abar. Baina errua ez da haiena, ez dute haiek hautatu gisa horretakoak izatea, eta, beraz, haur horiek ez dira hartu behar arazotsutzat; arazo bat daukate, bai, baina horri aurre egin eta konponbidea aurkitu behar da. Hain zuzen, diagnostiko horrek zer esan nahi duen ulertzen dutenean, guraso asko errudun sentitzen dira gene kaltetu horiek transmititu dizkietelako, eta, gainera, ohartzen dira eurek ere TDAH bat pairatzen dutela, haurtzaroan diagnostikatu eta tratatu gabea. TDAHa daukaten guraso horiek seme-alaben tratamenduan inplikatzea are zailagoa gertatzen da, baina ez ezinezkoa: haurrekin batera, gurasoak ere tratatu behar izaten dira halakoetan.
Tratamendua: hiru hankako mahaia
Funtsezkoa da TDAHari tratamendua jartzea; horrela soilik lortzen da nahasmendu horren sintomak murriztea, konplikazioak saihestea eta kaltetuaren emaitza akademikoak hobetzea. Badira zenbait pertsonaia publiko, nahasmendu hori izanagatik ere, beren lanbidean oso onak izan direnak: Michael Jordan saskibaloi-jokalaria, Michael Phelps igerilaria eta Luis Rojas Marcos psikiatra, esate baterako. TDAHa daukaten pertsonek bizimodu normala egin dezaten, tratamendua izan daiteke gako nagusia (zenbaitetan, bizi osoan jarraitu beharrekoa izaten da).
Horretarako, hiru hankako mahaiaren gainean jarri behar da arazoa: kaltetuari tratamendua eman behar zaio, eta gurasoak eta hezitzaileak inplikatu egin behar dira. Tratamenduak bi zati izaten ditu: psikohezitzailea bat, eta hori eraginkorra ez denean, farmakologikoa (batez ere, metilfenidatoa, nahiz eta beste botika batzuk ere erabiltzen diren; atomoxetina, esate baterako). Haurrei azaldu egin behar zaie zer gertatzen zaien, arazo bat dutela esan behar zaie, haiek ulertzeko moduan, eta pastilla bat hartu behar dutela, ikusteko arazoak dituztenek betaurrekoak jantzi behar dituzten bezalaxe.
Gerta liteke, ordea, gurasoak ez izatea pastillak ematearen oso aldekoak, nahiz eta azterketa zientifikoek frogatu duten neurri ona dela. TDAHa daukaten haurren % 85ek ongi erantzuten diote tratamenduari, eta sintomak ongi kontrolatzea lortzen dute; aldiz, tratamendurik jasotzen ez dutenei iruditzen zaie barruan motor bat beti piztuta daukatela, ezin izaten dute ongi antolatu eta akituta sentitzen dira. Tratatu gabeko TDAH kasuak, testuinguru marginal edo bazterrekoan suertatzen badira, erloju-bonba bat bezalakoak izaten dira. Pertsona horiek joera gehiago izaten dute substantzia toxikoak hartzeko eta hainbat arazo edukitzeko, bai lanean, bai bizitza afektiboan eta gizartean.
Haurren % 85ak ongi erantzuten dio TDAHaren kontrako tratamenduari
TDAH kasu gehienak ez dira desagertzen adinean aurrera egin ahala. Zenbait ikerketa epidemiologikok adierazten dutenez, nahasmendua daukaten haurren % 75ek halaxe jarraitzen dute nerabezaroan, eta % 50ek helduaroan. Horregatik, haurtzarotik bertatik oinarri terapeutiko eta jarrera egokiak sustatzea funtsezkoa izan daiteke kaltetu horien etorkizunari begira.
TDAH DAUKATEN UMEEKIN ZER EGIN
Nola lagundu
Etxean
- Arau esplizitu eta argiak sortu behar dira familian.
- Idatziz jarri behar da, ongi ikusteko lekuren batean, zer espero den haurrarengandik ordutegietan, eskolako lanetan eta etxean.
- Lagundu egin behar zaio denbora eta zereginak antolatzen.
- Ikasketa-ohitura batzuk sortzen saiatu behar da.
- Eutsi egin behar zaio ordenari haurraren inguruko kontuetan eta laneko errutinan.
- Azaldu egin behar zaio, labur eta argi, zer-nolako ondorioak dituen arau bat ez betetzeak, eta hari utzi behar zaio hauta dezan.
- Hitzez adierazi behar zaio haurrari, ahal bezain maiz, zer egin duen ongi; lortu nahi den jokabidea eta autoestimua indartzeko balio du horrek.
- Haurrari zuzen-zuzen begiratu behar zaio arau bat jakinarazi nahi zaionean, eta fisikoki ukitu behar da (laztan edo musu baten bidez) ongi egindako zerbait azpimarratu nahi denean.
- Haren autonomia sustatu behar da.
Ikasgelan
- Lehen lerroan eseraraztea komeni da, irakaslearen ondoan, haiei begiratzeko eta hitz egiteko aukera izan dezan azalpenak ematerakoan eta arauak jakinarazterakoan. Komeni izaten da, halaber, ikasle lasaien ondoan jartzea, eta arreta galaraziko dieten elementuetatik urruti: leihoak, ateak...
- Antolaketari dagokienez, zerrendak egiten erakutsi behar zaie, zereginak lehentasunaren arabera idatz ditzaten, eta denboraren kontzientzia hartzen ere erakutsi behar zaie. Gainera, garrantzitsua da ikasgela osoarentzako arauak ezartzea, eta beste arau espezifiko batzuk kaltetuarentzat.
- Haur horren arreta erakarri nahi bada, eta arreta horri eutsi, abisua eman behar zaio, diskurtsoan galderak txertatu, eskolak entretenigarri egin, azalpenen denbora eta ahotsaren tonua eta bolumena aldatu, eta agindu oso argi eta laburrak eman.
- Haurraren autoestimua hobetzeko, jendaurrean aitortu behar dira haren lorpenak, eta errieta egin behar bazaio, pribatuan egin behar da, lasai-lasai; ardura batzuk ere eman behar zaizkio, ikasgelan zertxobait mugitzeko aukera izan dezan, eta zaindu eta saihestu egin behar da beste haurrek ez dezatela oker jokatu harekin.
- Eskolako emaitzak hobetzeko helburuz, saihestu egin behar dira azterketa luzeak eta galdera irekiak dauzkatenak, non erantzunak modu ordenatuan antolatu behar diren. Horren ordez, zatitu egin behar zaio lana, eta leku lasai batean eserarazi behar da, arreta galaraziko dien deus inguruan ez duela, azterketa egin dezan.
TDAH daukaten haurrak laguntzeko bestelako aholkuak
- Ez bilatu haurra eredugarria izan dadin; lagundu mugak gainditzen eta helburuak iristen.
- Ikasketa-nahasmenduren bat eduki dezakeela susmatuz gero, neurologo edo haur-psikiatra batengana joan behar da.
- Haurrari esan egin behar zaio nahasmendu jakin bat daukala, eta ez ezkutatu, horrek antsietatea sortuko lioke eta.
- Saihestu haurrarekin aurrez aurrekoak eta eztabaidak.
- Egoera muga-mugara iristen denean, ez oihukatu eta ez galdu kontrolik, haren jokabide okerra indartzeko arriskua izaten da eta; kasu egiteari utzi, leku aspergarriren batera bidali eta zain egon hura lasaitu arte.
martes, 10 de abril de 2012
HAURREN AMESGAIZTOAK
Haurren amesgaiztoak uxatzeko, lasaitu
eta eguneroko martxari eutsi
Haurtzaroan
oso ohikoa da lo egiteko arazoak agertzea aldiren batean; haur gehienek izaten
dituzte halako gorabeherak, eta gurasoak larritu egiten dira
Munstroak agertzen zaizkie, egoera batzuetan
bakar-bakarrik geratzeak beldur ematen die, gurasoak etengabe galtzen
dituzte... Nahiko arrunta da haurrek amesgaiztoak eta gau ikarak edukitzea.
Horiek ez dute eraginik izaten ez haurraren bilakaeran ez osasunean, baina
denbora luzean irauten badute, komeni da profesional batengana jotzea, hark
esan dezan ea haurrak baduen arazo emozional edo fisikoren bat konpondu
beharra. Lo egiteko arazoak, gehienbat, haurrak hiru eta sei urte bitartean
dituenean agertzen dira, nahiz eta gero ere ager daitezkeen, nerabezaro-aurrean
eta nerabezaroan (batik bat, amesgaiztoak izaten dituzte garai horretan).
Amesgaiztoak
Emozio-karga txarra
sortzen dute amesgaiztoen irudiek, batez ere loaldiaren azken herenean, REM
deitzen den fasean, orduan baita loa arinen (horrexegatik da errazagoa amets
horiek oroitzea).
Ametsek larrimina
sortzen dute, estutasuna, eta normala da pertsona izerditan hastea, arnasa
azkartzea, negar egitea eta are oihu ere. Gurasoak larritzea ere normala da,
baina ez da zertan kezkatu: gertatzen dira halakoek, baina ez dute arazorik
ekartzen. Haurrak erraz esnatu ohi dira, eta gogoan izaten dituzte larrimina
eragin dieten irudiak. Zer amestu duten azaltzeko gai badira eta zerk izutu
dituen adierazteko gai, loa oso sakona ez zen seinale. Orduan esan ahal izango
dugu amesgaiztoa izan dela, eta ez gau ikara.
Arrazoi asko daude
haurrek amesgaiztoak edukitzeko, baina hauek izaten dira ohikoenak:
- Segurtasun falta.
- Gehiegizko kezka.
- Estutasunen bat.
- Familiako giro tirabiratsua.
- Gaixotasunak edo oinazea.
- Inguruaren mehatxuak.
- Telebistako irudi bortitzak.
- Gertaera txarren bat.
Gau ikarak
Eskola-aurreko
adinetan agertu ohi dira, eta amesgaiztoak ez bezala, haurrek ez dituzte gogoan
hartzen. Haurrak ez du irudi beldurgarririk amesten. Loaldiaren lehen faseetan
sortzen dira gau ikarak, eta, dirudienez, lo sakoneko alditik lo arinagoko
aldira igarotzeko garaian izaten dituzten zailtasunen ondorio dira. Haurra
horrexegatik ezin da oroitu zer amestu duen eta zerk eragin dion neurri
horretako arazoa. Are gehiago, gau ikara izaten dutenean, haurrek lo jarraitzen
dute; begiak zabalik izango dituzte, agian, jaiki egingo dira eta etxean
barrena korrika ibiliko dira oihuka eta negar zotinka, baina lo daude. Gurasoak
erraz larritzen dira halako egoeretan, eta nor ez: alaba edo semea ez da
ohartzen ezertaz, eta lasaitzen saiatuta ere, alferrik.
Halakoren bat
gertatzen denean, oso garrantzitsua da haurra ez bat-batean esnaraztea; gau
ikara pasatu arte egon behar da, eta bukatu denean lagundu behar da haurra
ohera, geldiro-geldiro. Amesgaiztoak zergatik sor daitezkeen badakigu, baina
gau ikarak nondik datozen garbi esaterik ez dago; ezin esan aldarteak eragiten
dituen, izaerak edo haurraren inguruak.
Nola hartu aurre
Haurtzaroan
loarekin izaten den edozein gorabeherari aurre hartzeko, nahitaezkoa da etxean
arau egonkor samarrak edukitzea. Lotara joan aurretik, adibidez, giro ahalik
eta lasaiena sortzea komeni da, haurra bera ere lasaitzen joan dadin. Haurrek
maite dute zer gertatuko den jakitea, ondoren zer datorren sumatzea, horrek
segurtasuna eta egonkortasuna ematen baitie. Beraz, ordutegiak arautu eta bete
beharko dira.
Etxekoek ados jarri
beharko dute haurra zein ordutan lotaratu, eta hortik aurrera ez da onartu
behar inolako eztabaida eta negoziaziorik, horrek asaldatzen baititu haurrak.
Egun batzuetan ordutegia betez gero, haurrak ez du imintziorik ere egingo, eta
gustura ibiliko da. Garrantzitsua da lotara joan aurreko uneetarako ohitura
jakin batzuk ezartzea, eta haurra aztoratuko luketen estimulu guztiak saihestea
(mugimendu jolasak, eztabaidak, film bortitzak?). Eta garrantzitsua da,
halaber, haurra lotara eraman baino 15-20 minutu lehenago, gurasoek berek ere
ohitura ezarri horiek betetzea eta lasaitzea. Arau erraz-errazak badira giro
lasaia sortzeko eta gaueko atsedena hobetzeko: haurra etxeko guztiei gabon
esanez joatea lotara, gaua pasatzeko panpina edo jostailu bat hautatzea,
logelako argia gutxitzea edo bost minutu igarotzea haurraren ondoan, hari goxo
hitz eginez.
Amesgaiztoak eta gau ikarak bereizteko adierazleak
Amesgaiztoak:
- Beldurtu eta larritu egiten duten irudiak izaten dituzte.
- Estutasunaren sintomak agertzen dira (izerdia, arnasa bizia eta
negarra).
- Pertsona erabat esnatzen da.
- Haurrak konta dezake zer amestu duen, zer ikusi duen.
- Goizaldean gertatzen dira.
- Haurra jabetzen da esna dagoela, eta gurasoen bila joan daiteke.
- Gurasoek lasaitu dezakete haurra, hari hitz eginez.
- Haurra bere onetik aterata egoten da, eta amestu duena oroitzen
duenez, horrek ez dio laguntzen berriz lo hartzen.
- Gorabehera hauek nerabezaro-aurrean, nerabezaroan eta helduaroan ere
ager daitezke.
Gau ikarak:
- Haurrak ezin izaten du esan zer amestu duen, ez baita oroitzen.
- Haurra estu egon daiteke, eta beldurtuta, baina ez da jabetzen
ezertaz.
- Begiak zabalik eduki ditzake, baina haurra lo egoten da.
- Gurasoen hitzek ez dute eraginik.
- Gerta daiteke haurra mugitzea, ohetik jaiki eta
korrika abiatzea etxean barrena, oihuka edo zezelka eginez.
- Minutu batzuen buruan esnatzen da, baina ez erabat.
- Gauaren lehen herenean izaten dira, loa oso sakona denean.
- Haurra esnarazten edo hari geldi eusten saiatuz gero, haren estutasuna
areagotu egin daiteke.
- Gau ikara pasatu denean, gehienetan erraz lo hartzen dute berriz ere.
Suscribirse a:
Entradas (Atom)