Nola lagundu
Etxean
- Arau esplizitu eta argiak sortu behar dira familian.
- Idatziz jarri behar da, ongi ikusteko lekuren batean, zer espero den haurrarengandik ordutegietan, eskolako lanetan eta etxean.
- Lagundu egin behar zaio denbora eta zereginak antolatzen.
- Ikasketa-ohitura batzuk sortzen saiatu behar da.
- Eutsi egin behar zaio ordenari haurraren inguruko kontuetan eta laneko errutinan.
- Azaldu egin behar zaio, labur eta argi, zer-nolako ondorioak dituen arau bat ez betetzeak, eta hari utzi behar zaio hauta dezan.
- Hitzez adierazi behar zaio haurrari, ahal bezain maiz, zer egin duen ongi; lortu nahi den jokabidea eta autoestimua indartzeko balio du horrek.
- Haurrari zuzen-zuzen begiratu behar zaio arau bat jakinarazi nahi zaionean, eta fisikoki ukitu behar da (laztan edo musu baten bidez) ongi egindako zerbait azpimarratu nahi denean.
- Haren autonomia sustatu behar da.
Ikasgelan
- Lehen lerroan eseraraztea komeni da, irakaslearen ondoan, haiei begiratzeko eta hitz egiteko aukera izan dezan azalpenak ematerakoan eta arauak jakinarazterakoan. Komeni izaten da, halaber, ikasle lasaien ondoan jartzea, eta arreta galaraziko dieten elementuetatik urruti: leihoak, ateak...
- Antolaketari dagokienez, zerrendak egiten erakutsi behar zaie, zereginak lehentasunaren arabera idatz ditzaten, eta denboraren kontzientzia hartzen ere erakutsi behar zaie. Gainera, garrantzitsua da ikasgela osoarentzako arauak ezartzea, eta beste arau espezifiko batzuk kaltetuarentzat.
- Haur horren arreta erakarri nahi bada, eta arreta horri eutsi, abisua eman behar zaio, diskurtsoan galderak txertatu, eskolak entretenigarri egin, azalpenen denbora eta ahotsaren tonua eta bolumena aldatu, eta agindu oso argi eta laburrak eman.
- Haurraren autoestimua hobetzeko, jendaurrean aitortu behar dira haren lorpenak, eta errieta egin behar bazaio, pribatuan egin behar da, lasai-lasai; ardura batzuk ere eman behar zaizkio, ikasgelan zertxobait mugitzeko aukera izan dezan, eta zaindu eta saihestu egin behar da beste haurrek ez dezatela oker jokatu harekin.
- Eskolako emaitzak hobetzeko helburuz, saihestu egin behar dira azterketa luzeak eta galdera irekiak dauzkatenak, non erantzunak modu ordenatuan antolatu behar diren. Horren ordez, zatitu egin behar zaio lana, eta leku lasai batean eserarazi behar da, arreta galaraziko dien deus inguruan ez duela, azterketa egin dezan.
TDAH daukaten haurrak laguntzeko bestelako aholkuak
- Ez bilatu haurra eredugarria izan dadin; lagundu mugak gainditzen eta helburuak iristen.
- Ikasketa-nahasmenduren bat eduki dezakeela susmatuz gero, neurologo edo haur-psikiatra batengana joan behar da.
- Haurrari esan egin behar zaio nahasmendu jakin bat daukala, eta ez ezkutatu, horrek antsietatea sortuko lioke eta.
- Saihestu haurrarekin aurrez aurrekoak eta eztabaidak.
- Egoera muga-mugara iristen denean, ez oihukatu eta ez galdu kontrolik, haren jokabide okerra indartzeko arriskua izaten da eta; kasu egiteari utzi, leku aspergarriren batera bidali eta zain egon hura lasaitu arte.
No hay comentarios:
Publicar un comentario