Haurren amesgaiztoak uxatzeko, lasaitu
eta eguneroko martxari eutsi
Haurtzaroan
oso ohikoa da lo egiteko arazoak agertzea aldiren batean; haur gehienek izaten
dituzte halako gorabeherak, eta gurasoak larritu egiten dira
Munstroak agertzen zaizkie, egoera batzuetan
bakar-bakarrik geratzeak beldur ematen die, gurasoak etengabe galtzen
dituzte... Nahiko arrunta da haurrek amesgaiztoak eta gau ikarak edukitzea.
Horiek ez dute eraginik izaten ez haurraren bilakaeran ez osasunean, baina
denbora luzean irauten badute, komeni da profesional batengana jotzea, hark
esan dezan ea haurrak baduen arazo emozional edo fisikoren bat konpondu
beharra. Lo egiteko arazoak, gehienbat, haurrak hiru eta sei urte bitartean
dituenean agertzen dira, nahiz eta gero ere ager daitezkeen, nerabezaro-aurrean
eta nerabezaroan (batik bat, amesgaiztoak izaten dituzte garai horretan).
Amesgaiztoak
Emozio-karga txarra
sortzen dute amesgaiztoen irudiek, batez ere loaldiaren azken herenean, REM
deitzen den fasean, orduan baita loa arinen (horrexegatik da errazagoa amets
horiek oroitzea).
Ametsek larrimina
sortzen dute, estutasuna, eta normala da pertsona izerditan hastea, arnasa
azkartzea, negar egitea eta are oihu ere. Gurasoak larritzea ere normala da,
baina ez da zertan kezkatu: gertatzen dira halakoek, baina ez dute arazorik
ekartzen. Haurrak erraz esnatu ohi dira, eta gogoan izaten dituzte larrimina
eragin dieten irudiak. Zer amestu duten azaltzeko gai badira eta zerk izutu
dituen adierazteko gai, loa oso sakona ez zen seinale. Orduan esan ahal izango
dugu amesgaiztoa izan dela, eta ez gau ikara.
Arrazoi asko daude
haurrek amesgaiztoak edukitzeko, baina hauek izaten dira ohikoenak:
- Segurtasun falta.
- Gehiegizko kezka.
- Estutasunen bat.
- Familiako giro tirabiratsua.
- Gaixotasunak edo oinazea.
- Inguruaren mehatxuak.
- Telebistako irudi bortitzak.
- Gertaera txarren bat.
Gau ikarak
Eskola-aurreko
adinetan agertu ohi dira, eta amesgaiztoak ez bezala, haurrek ez dituzte gogoan
hartzen. Haurrak ez du irudi beldurgarririk amesten. Loaldiaren lehen faseetan
sortzen dira gau ikarak, eta, dirudienez, lo sakoneko alditik lo arinagoko
aldira igarotzeko garaian izaten dituzten zailtasunen ondorio dira. Haurra
horrexegatik ezin da oroitu zer amestu duen eta zerk eragin dion neurri
horretako arazoa. Are gehiago, gau ikara izaten dutenean, haurrek lo jarraitzen
dute; begiak zabalik izango dituzte, agian, jaiki egingo dira eta etxean
barrena korrika ibiliko dira oihuka eta negar zotinka, baina lo daude. Gurasoak
erraz larritzen dira halako egoeretan, eta nor ez: alaba edo semea ez da
ohartzen ezertaz, eta lasaitzen saiatuta ere, alferrik.
Halakoren bat
gertatzen denean, oso garrantzitsua da haurra ez bat-batean esnaraztea; gau
ikara pasatu arte egon behar da, eta bukatu denean lagundu behar da haurra
ohera, geldiro-geldiro. Amesgaiztoak zergatik sor daitezkeen badakigu, baina
gau ikarak nondik datozen garbi esaterik ez dago; ezin esan aldarteak eragiten
dituen, izaerak edo haurraren inguruak.
Nola hartu aurre
Haurtzaroan
loarekin izaten den edozein gorabeherari aurre hartzeko, nahitaezkoa da etxean
arau egonkor samarrak edukitzea. Lotara joan aurretik, adibidez, giro ahalik
eta lasaiena sortzea komeni da, haurra bera ere lasaitzen joan dadin. Haurrek
maite dute zer gertatuko den jakitea, ondoren zer datorren sumatzea, horrek
segurtasuna eta egonkortasuna ematen baitie. Beraz, ordutegiak arautu eta bete
beharko dira.
Etxekoek ados jarri
beharko dute haurra zein ordutan lotaratu, eta hortik aurrera ez da onartu
behar inolako eztabaida eta negoziaziorik, horrek asaldatzen baititu haurrak.
Egun batzuetan ordutegia betez gero, haurrak ez du imintziorik ere egingo, eta
gustura ibiliko da. Garrantzitsua da lotara joan aurreko uneetarako ohitura
jakin batzuk ezartzea, eta haurra aztoratuko luketen estimulu guztiak saihestea
(mugimendu jolasak, eztabaidak, film bortitzak?). Eta garrantzitsua da,
halaber, haurra lotara eraman baino 15-20 minutu lehenago, gurasoek berek ere
ohitura ezarri horiek betetzea eta lasaitzea. Arau erraz-errazak badira giro
lasaia sortzeko eta gaueko atsedena hobetzeko: haurra etxeko guztiei gabon
esanez joatea lotara, gaua pasatzeko panpina edo jostailu bat hautatzea,
logelako argia gutxitzea edo bost minutu igarotzea haurraren ondoan, hari goxo
hitz eginez.
Amesgaiztoak eta gau ikarak bereizteko adierazleak
Amesgaiztoak:
- Beldurtu eta larritu egiten duten irudiak izaten dituzte.
- Estutasunaren sintomak agertzen dira (izerdia, arnasa bizia eta
negarra).
- Pertsona erabat esnatzen da.
- Haurrak konta dezake zer amestu duen, zer ikusi duen.
- Goizaldean gertatzen dira.
- Haurra jabetzen da esna dagoela, eta gurasoen bila joan daiteke.
- Gurasoek lasaitu dezakete haurra, hari hitz eginez.
- Haurra bere onetik aterata egoten da, eta amestu duena oroitzen
duenez, horrek ez dio laguntzen berriz lo hartzen.
- Gorabehera hauek nerabezaro-aurrean, nerabezaroan eta helduaroan ere
ager daitezke.
Gau ikarak:
- Haurrak ezin izaten du esan zer amestu duen, ez baita oroitzen.
- Haurra estu egon daiteke, eta beldurtuta, baina ez da jabetzen
ezertaz.
- Begiak zabalik eduki ditzake, baina haurra lo egoten da.
- Gurasoen hitzek ez dute eraginik.
- Gerta daiteke haurra mugitzea, ohetik jaiki eta
korrika abiatzea etxean barrena, oihuka edo zezelka eginez.
- Minutu batzuen buruan esnatzen da, baina ez erabat.
- Gauaren lehen herenean izaten dira, loa oso sakona denean.
- Haurra esnarazten edo hari geldi eusten saiatuz gero, haren estutasuna
areagotu egin daiteke.
- Gau ikara pasatu denean, gehienetan erraz lo hartzen dute berriz ere.
haurren beharizanak bete behar ditugu eta umearentzat kaltegarria izango denetik urrundu ezin badugu saihestu
ResponderEliminar