Maite Garaigordobil, psikologoa eta jolasaren
ikertzailea
"Helduarentzat lanak duen balio bera du
jolasak haurrarentzat"
jolasak haurrarentzat"
Jolasa oso gauza serioa da. Halaxe uste du Maite
Garaigordobil psikologoak: "Bizi-beharrizan bat da, eta ezinbestekoa giza
garapenean". Txikitan irakasle izatera jolasten ziren, eta, aitortzen
duenez, horrexegatik maite du hainbeste irakaskuntza (egun, Euskal Herriko
Unibertsitatean ari da irakasle eta ikertzaile). Jolas kooperatiboen inguruko
ikerketak dira, besteak beste, haren lan esparrua, non haurrak ez diren
jolasten irabazteko, ezpada elkar laguntzeko. Ikerketa
horiei esker, bitan irabazi du Hezkuntza Ikerketaren Espainiako Sari Nazionala.
Jolasak
zer garrantzi du haur baten nortasuna osatzeko orduan?
Jolasa oso
garrantzitsua da gizakiaren nortasuna osatzen laguntzeko. Bizi-beharrizan bat
da jolasa, eta esango nuke ezinbestekoa dela giza garapenean. Gorputza eta
zentzumenak garatzen laguntzen du, baita pentsamenduaren gaitasunak eta
haurraren sormena ere. Indar handiko tresna da, komunikatzeko, sozializatzeko
eta garapen morala lantzeko; horrez gain, emozioak adierazteko eta
kontrolatzeko tresna ere bada, oreka psikikoaren eta buru osasunaren
lagungarri.
Jostailuak
ere sartzen dira hor?
Aspalditik badakigu
jolasa eragile dela haurrak hazteko, eta jostailua zera da, jolasaren euskarri.
Jolasak du garrantzia, jostailua tresna baino ez da funtsean, jolasaren
laguntzaile.
Haurtzaroko
jolasek zenbateraino eragin dezakete helduaroko jokabideetan?
Zalantzarik gabe,
jolasen bidez ikasten dugun hori ez da geratzen jolasaren eremuan, orokortu
egiten da, eguneroko bizitzako beste egoera batzuetara hedatzen da, eta unean
uneko jokabidean eta etorkizunekoan ere islatzen da. Jolasak lanerako ere
prestatzen gaitu.
"Lehiakortasunak zapuztu egiten du dibertsioa eta
jolasaren plazera, egoerarik gehienetan, gainera"
Jolasa,
beraz, kontu serioa da?
Jolasa jarduera
serioa da. Jolasean dabiltzan haurrei erreparatzen badiegu, deigarria izaten da
zein serio ari diren ikustea. Berdin du hareazko flan bat egiten ari diren,
ontziekin eraikitzen, itsasontzietara jolasten edo zaldiarekin... bere baitara
bilduta egoten dira, heldu bat lanean ari denean bezain kontzentratuak.
Helduarentzat lanak duen balio bera du jolasak haurrarentzat; jolasean bere
nortasuna baieztatzen du, eta zerbait ongi egiten duenean, harro sentitzen da,
heldu bat lanean bezalaxe. Jolasa proba bat izaten da haurraren
nortasunarentzat, eta horregatik da gauza serioa. Jolasean zerbait ongi egiten
duenean, autoestimua hobetzen du, haurrak bere nortasuna baieztatzeko
erabiltzen duen mekanismoa da.
Zu
jolas kooperatiboen aldekoa zara, ez lehia-jolasen aldekoa. Zergatik?
Jolas kooperatiboek
eskatzen dute laguntza eman eta hartzea helburu beraren alde. Ikerketek
erakusten dutenez, jolas mota horien bitartez, komunikazioa sustatzen da, mezu
baikorrak ugaritu egiten dira taldeko kideen artean eta mezu ezkorrak gutxitu
egiten dira; jarrera prosozialak ere ugaritu egiten dira (laguntzea, elkarrekin
aritzea, elkarrekin banatzea...) eta berdinen arteko elkarreraginean sortzen
diren jarrera asertiboak ere bai; gelako jardueretan parte hartzera bultzatzen
ditu haurrak, eta talde barneko loturak sendotzen ditu (gela barruko giroa edo
klima soziala hobetu egiten du, eta nork bere burua eta besteak ikusteko modua
ere bai); jarrera sozial ezkorrak, aldiz, gutxitu egiten dira
(oldarkortasuna-egoskorkeria, geldotasuna-uzkurtasuna,
estutasuna-herabetasuna).
Zein
ezaugarri dituzte jolas mota horiek?
Lehenik eta behin,
parte-hartzea. Taldeko kide guztiek parte hartzen dute, inor ez dute
kanporatzen eta inork ez du galtzen; helburua da talde-helburuak lortzea, eta
horretarako, kide bakoitzak izaten du zeregin bat, jolasarentzat beharrezko den
zeregin bat. Beste ezaugarri bat izaten da lagunarteko komunikazioa eta elkarreragina.
Beste bat da kooperazioa edo lankidetza: laguntza emateak eta hartzeak dauka
lehentasuna, guztiek helburu beraren alde egiteko. Lehia-jolasetan ere,
jokalarien helburuek izaten dute zerikusia elkarrekin, baina baztertzaileak
dira, eta parte-hartzaile batek helburua lortuko du soilik besteek lortzen ez
badute. Fikzioa eta sormena ere badira jolas mota horren ezaugarri, eta,
azkenik, ongi pasatzea.
Zein
onura dakarte?
Jolas
kooperatiboetan, ez dago zertan beldurrik eduki huts egiteari, ez dago zertan
estutu porrot egin dugulako, hori guztia desagertu egiten da jolas mota
horretan; aldiz, jokalariei bultzada ematen diete beren buruengan konfiantza
edukitzeko, pertsona onargarri eta duintzat hartzen dituztelako. Sentimendu
horiei esker, autoestimu handia edukitzeko moduan egon daitezke, eta hori
beharrezkoa da nortasunaren garapen harmonikoa izateko. Gainera, jolas egiteko
modu berri honetan, neska-mutilen balioa ez dute puntuek suntsitzen, eta,
ondorioz, baikorrago begiratzen diote jarduerari berari eta jolaskideei. Gauzak
elkarrekin banatzen eta elkar laguntzen ikasten dute parte-hartzaileek,
besteekin harremanetan egoten, besteen sentimenduak aintzat hartzen eta guztiek
helburu beraren alde egiten.
Zer
lortzen da jolasari lehia kenduta?
Lehiakortasunak
zapuztu egiten du dibertsioa eta jolasaren plazera, egoerarik gehienetan,
gainera. Izan ere, lehian ari direnean, jokalariak ez dira ari ongi pasatzeko,
ezpada sari bat lortzeko, eta galtzeko beldurrak tentsioa sortzen du, eta
tentsioak ez du uzten ongi pasatzen. Parte-hartzaileak kanporatzen edo
zigortzen dituzten jolasek, huts egin dutelako edo besteak bezain trebeak ez
direlako, horiek hondatu egiten dute autoestimua, jendea baztertuta sentitzen
delako. Gainera, norbait kanporatzen denean, ez zaio aukerarik ematen
esperientzia gehiago har dezan eta gehiago trebatu dadin; hau da, trebezia
gutxien dutenei ez zaie aukerarik ematen hobetzeko.
Baina
ez da erraza halako jolasak aurkitzea, non denak diren garaile eta inork ez
duen galtzen.
Ez da hain zaila
ere. Batzuetan aski da lehia-jolasen arauak zertxobait aldatzea; hori egin, eta
jolas kooperatibo bat eduki dezakegu erraz-erraz. Aulkien jolas tradizionalean,
adibidez, aulki bat kentzen da txanda bakoitzean, eta kanporatu egiten da
aulkirik gabe geratzen dena. Aulki-jolas kooperatiboan, aldiz, ez dugu
kanporatzen jolaskiderik, soilik aulkiak kentzen ditugu, eta geratzen diren
aulkien gainean esertzen dira guztiak, batzuk besteen gainean. Jolas
tradizionala bezain zirraragarria da, eta ez hura bezain frustragarria inondik
ere, sekula ez delako inor kanporatzen, eta denek jarrai dezaketelako jolasten.
Jolasetan
elkarlan gehiago badago eta lehia gutxiago, helduen artean ere elkarlan gehiago
eta lehia gutxiago ikusiko dugu?
Zalantzarik gabe,
jolasek balioak dauzkate eta irakatsi ere egiten dituzte.
Gure
gizartea oso lehiakorra da. Haurrek ez ote dute ikasi behar eremu horretan ere
moldatzen, lehiaren eremuan alegia?
Lehiakorra ez ezik,
oldarkorra eta bortitza ere bada gure gizartea, baina horrek ez du esan nahi
jokabide horiek sustatu behar ditugunik gazteen artean. Gizakiok lankidetzarako
gaitasunari esker egin dugu aurrera, elkarlanari zor diogu, neurri handian,
gure bilakaera.
"Bizi-beharrizan bat da jolasa, eta esango nuke
ezinbestekoa dela giza garapenean"
Lehiakortasuna,
berez, txarra dela esango zenuke?
Gizakiok oso ongi
sentitzen gara inoiz lortu gabeko helburuak lortzen ditugunean. Geure burua
hobetu nahi izatea da hori; aurrera egitea eskatzen du horrek, eta hori ona da.
Lehian ari garenean, ordea, ongi sentitzen gara guk zerbait lortu bai, baina
besteek lortzen ez dutenean; orduan soilik. Hori txarra da, besteen porrotetik
lortzen baitugu gu ongi sentitzea.
Zure
ikerketa lanetan esaten duzu jolas kooperatiboen bidez lor litekeela aurre
egitea ikastetxeetako bortizkeriari. Aukera egokia litzateke, beraz, eskola
jazarpenaren arazoari edo 'bullying' delakoari aurre egiteko?
Heziketa ziklo
osoan jolas kooperatiboak txertatzeko programak lantzea prebentzio-estrategia
ona izan daiteke, baina bullying-a desagerrarazteko, bestelako ekintza osagarri
batzuk jarri behar dira abian, eskola jazarpenaren atzean askotariko arrazoi
edo faktoreak egoten baitira.
Zein
dira aipagarrienak?
Haurren eta nerabeen jarrera bortitza ugaritu egin da
azken urteetan, eta faktore askok izan dute zerikusia horretan, familia
arlokoek, gizarte arlokoek eta hezkuntza arlokoek. Haur eta nerabe bortitzen
familia-testuingurua oldarkorra izan ohi da, edo familia desegituratuak izan
ohi dira, edo dena libre uzteko joera nagusitu izan da, eta ez dago mugarik, ez
dago araurik edo arauak ez dira ez argiak, ez egonkorrak eta ez koherenteak,
eta seme-alabei ez dizkiete transmititzen balio etiko-moralak, eskolaren gain
uzten baitute seme-alabak hezteko ardura guztia. Gurasoek etxetik kanpo egiten
dute lana, denbora gutxi igarotzen dute seme-alabekin eta saihestu egiten dute
balioak transmititzeko lana.
Familia giroko
faktoreei ez ezik, gizarte aldaketa eta faktore batzuei lotuta ere badago
jarrera bortitza. Gizartearen demokratizazioa bera da horietako bat; harreman
guztiei eragin die horrek (guraso-haurren artekoei, irakasle-ikasleen
artekoei), zaildu egin du helduak lehenago eduki duen zeregin arau-emailea, eta
hezkuntzan, gazteei muga gutxi jartzeko joera agertu da. Ondorioz, frustrazioa ez
dute onartzen, eta nahi dutena egin ezin dutenean, jarrera bortitza agertzen
dute. Beste faktoreetako bat teknologia berrien aurrerapen azkarretan aurki
liteke, hortik bortizkeria egoera asko jasotzen baitituzte haur eta gazteek,
bai telebistan, bai bideojokoetan, bai Interneten... Hirugarren faktorea izango
litzateke nerabeek alkoholarekin eta drogekin daukaten harremana; horiekin
gehiegikeriak egiteak badu eragina jarrera bortitzetan. Azkenik, immigrazioaren
gorakada legoke; heziketa taldeak gero eta askotarikoagoak dira kulturalki, eta
horrek tentsioak sortzen ditu zenbaitetan, eta modu bortitzean amaitzen dira
batzuk... Hezkuntza faktoreak aztertuta, lotura batzuk aurkitu dira
bortizkeriaren eta eskola porrotaren artean.
Zer
esango zenuke eskola jazarpenari buruz: arazo iragankorra da, edo estrukturala
eta saihestezina?
Giza jarrera bat
bera ere ez da saihestezina, gauza guztiak hezi daitezke eta moldatu.
Nola
egin dakioke aurre?
Bortizkeriari aurre
egiteko erabiltzen diren estrategien artean, hiru mailatakoak daudela esan
liteke: familiakoak, hezkuntzakoak eta gizartekoak. Familia barneko hezkuntzak
berebiziko garrantzia du, haurtzaroan eta nerabezaroan barneratzen baitira
intolerantziazko jarrerak, gorrotoz beteak betiere (gero oso zaila izaten da onbideratzea).
Horiek geldiarazteko, beharrezkoa da familiak goxotasuna eta aitortza
eskaintzea; elkarrekin hitz egitea, elkar entzutea eta elkar ulertzea, hori
behar da, eta autoritatea ere bai, arau oinarrizko, argi eta koherenteak
jarrita; horrez gain, jarrera prosoziala sustatu behar da, eta giza
eskubideekiko errespetua. Hezkuntzaren esparruan egin izan diren esku-hartze
sistematikoek ere emaitza ona eman dute bortizkeriari aurre egiteko orduan.
Gizarte mailako esku-hartzeetan, berriz, ona litzateke gehiago kontrolatuko
balute komunikabideetan agertzen den bortizkeria. Telebista eta Internet tresna
ahaltsuak izan daitezke gorrotoa eta bortizkeria sustatzeko (web orri askok
gorrotoa eta arrazismoa goraipatzen dute), baina, era berean, tresna paregabeak
izan daitezke jendea hezteko, enpatiazko jarrerak hedatzeko eta sozializazio
positiboa bultzatzeko.
Gero eta joera
gehiago dago haurrak berak bakarrik jolas dezan. Hori hola izanik, zer
etorkizun eduki dezake jolas kooperatiboak? Jolas kooperatiboak bide asko eta
oparoa egin dezake hezkuntza testuinguruetan, eta osagarria izan daiteke
banakako jolasarekin (horrek ere baditu bere alde onak haurrak bere nortasuna
landu dezan). Nire proposamena hauxe litzateke: hezkuntza ibilbide guztian
ezarriko nituzke nik jolas eta ikasketa kooperatibo sistematizatuak, eta jolas
mota horrek osagarria izan behar luke bideojokoekin eta ordenagailuko jolas
egokiekin. Eta badira horrelakoak ere: batzuetan arrastoen atzetik joan behar
izaten da, besteetan modu logikoan arrazoitu behar da misterio bat argitzeko...
horiek egokiak izan daitezke adimena eta sormena lantzeko. Helduok aztertu
behar dugu gazteentzat erosiko ditugun jolasek zer eduki dituzten, eta irizpide
egokiak erabiliz, garapen pertsonalarentzat eta sozialarentzat onak izango
diren jostailuak aukeratu behar ditugu. Gure ardura da hori.
Zuk
zeuk jolas alternatiboak proposatu dituzu ikuspegi berri hori zertan den
erakusteko. Nola sortzen da jolas bat?
Diseinatu ditudan
jolas kooperatiboen programetan, betiko jolasak sartu ditut, haur ginenean
jolaserako denok erabili izan ditugun horiek, eta lehen zerrendatu ditudan
ezaugarriak biltzen dituztenak (parte-hartzea, komunikazioa, kooperazioa edo
lankidetza, fikzioa-sormena eta ongi pasatzea). Beste batzuk, berriz, asmatu egin ditut, beste estimulu batzuetatik
abiatuz. Gehienetan, jolasarekin zein garapen-alderdi landu edo indartu nahi
dudan erabakitzen dut: laguntzea, lankidetzan aritzea, konfiantza hartzea,
sormena piztea... eta, jarraian, prozesu horiek zein jarduerarekin landu
daitezkeen pentsatzen dut.
"Jolas kooperatiboetan, ez dago zertan beldurrik
eduki huts egiteari, ez dago zertan estutu porrot egin dugulako, hori guztia
desagertu egiten da jolas mota horretan; aldiz, jokalariei bultzada ematen
diete beren buruengan konfiantza edukitzeko"
Probatu
dituzu zure haurrekin, ilobekin...?
20 urte baino
gehiago daramatzagu jolas hauek probatzen, eta haurrak oso pozik egoten dira
jolasean ari direnean, eta, gainera, oso onuragarriak dira haien garapen
pertsonal eta sozialerako.
Eta
nola erantzuten dute?
Bi hamarkada
daramatzagu ikasgeletan jolas kooperatiboak eginez. Ikasturtea amaitzen denean,
ebaluazio-galdetegi bat betearazten zaie neska-mutilei. % 90ek nahiago izaten
dituzte jolas kooperatiboak, tradizionalak baino (batek irabazi eta besteek
galtzen duten horiek baino). Jolas horiek zergatik hobesten dituzten aztertzen
dugunean, bitxia gertatzen da ikustea haurrek zer nabarmentzen duten: hobeki
pasatu dutela, jolaskideen artean oldarkortasun gutxiago antzeman dutela,
frustrazio gutxiago sentitu dutela, hobeki sentitu direla, lagunak egiteko
aukera gehiago izan dutela, ikasteko eta parte hartzeko aukera gehiago eduki
dutela, eta besteen parean ikusi dutela beren burua, berdintasun harremanean.
Eta
zu, zertara jolasten zinen txikitan?
Irakasle jolasekin
oroitzen naiz gehien. Zerbaitegatik hautatu dut irakasle lanbidea...
Helduei
ere gomendatuko zenieke zuk sortzen dituzun jolasetan parte har dezaten?
Inolako zalantzarik
gabe
ARTIKULU HONETAN AIPATZEN DA BEHIN ETA BERRIRO JOLASEN GARRANTZIA, ASKOTAN ENTZUN DUT 2 URTEKO GELAN BA, NAHIZ ETA ESKOLARA EZ JOAN EZ DA EZER GERTATZEN, BAKARRIK JOLASTEN DUTELAKO, GURASO HAUEI HAUXE ESAN NAHI DIET, (MAITEREN HITZETAN) Helduarentzat lanak duen balio bera du jolasak haurrarentzat; jolasean bere nortasuna baieztatzen du, eta zerbait ongi egiten duenean, harro sentitzen da, heldu bat lanean bezalaxe
ResponderEliminar