Zeinu hizkuntza
Hitzak aurpegi-eskuetan
Kode oparo eta aberatsa izaki, zeinu hizkuntza bidez
milioi bat lagun komunikatzen dira Espainian
Espainian ia milioi bat lagunek darabiltela, zeinu hizkuntza ofizial bihurtzeko
atetan dago, Europako hainbeste estatutan modura. Neurri horren bitartez, zeinu
hizkuntzaz mintzatzen diren pertsonek komunikazioan elkarrekikotasunez aritzeko
duten eskubidea aintzat jotzen da eta, aldi berean, aurpegi-eskuen bidez
adierazten den mintzaira horren balio linguistiko eta kulturala nabarmentzen
da.
Zeinu hizkuntzaz
ari gara, ez mintzairaz: ortodoxoen gutizia modukoa dirudien zehaztapen hau
egiteari ezinbestekoa deritzogu, komunikatzeko bide horrek soinua ez darabilen
arren, sistema linguistikotzat hartua dagoelako. Izan ere, hori ez da gaitasun
bat, hainbat gormuturen komunitatek bat-batean sortu eta garaturiko estruktura
bat baizik (gainerako hizkuntza guztiekin gertatu den bezala, alegia). Dena
den, aho hizkuntzetan transmisioa osatzeko soinua eta entzumena baliatzen dira baina
zeinu hizkuntzan mezuen transmisioa keinuen bitartez gauzatzen eta ikusmen
bidez atzematen da.
Ez dago hizkuntza
bakarra
Jendeak mundu
guztiarentzat zeinu hizkuntza bakarra dagoela sinetsi arren, errealitatea arras
bestelakoa da. Mundu zabalean baliatzen diren hizkuntzak erregistratzen dituen
Ethnologue erakunde pribatuaren azken edizioak 103 zeinu hizkuntza arautu jaso
ditu; horietako bakoitzak hiztun gutxi edo gehiago ditu baina denek dituzte
hizkuntzatzat joak izateko ezaugarriak. Aho-mintzairarekin gertatzen den
bezala, ez da derrigorrezkoa herrialde bakoitzari bere hizkuntza egokitzea.
Areago, hiru aho hizkuntzak zeinu hizkuntza bakar eta bera ("amerikar
zeinu hizkuntza" deritzona) partekatzen dute Kanadak, Estatu Batuek eta
Mexikok, esate baterako. Aho hizkuntzetan bezala, zeinu bidezkoetan ere
gizataldeak bereizi eta batzen dituzten dialekto eta argotak bizi dira.
Hizkuntza biziak dira, etengabe aldatzen ari direnak eta, halakotzat, premia
duten heinean, neologismoak onartzen dituzte. Solasketa antolatzen duen
berariazko gramatika ere badute eta, izan ere, hizkuntza hori diskurtso
intelektualak, erretorika eta poesia egiteko baliabide izan daiteke.
Ez da mimoa
Zeinu hizkuntzek
berariazko ekoizpen eta pertzepzio moduak dituzte. Ideiak edo kontzeptuak
adierazteko ez dauzkate mimo keinuak bakarrik. Horrela balitz, pertsona zoli
eta azkarra, hizkuntza ezagutu gabe, solasketa ulertzeko gauza izango
litzateke. Baina, aho-hizkuntzekin gertatzen den bezala, hura ulertzeko ere
ikasketa prozesua bete beharra dago.
Eskuen
zeinatze-espazioaren muga bularraren erdialdean dagoen arren, beste hainbat
elementuk ere esku hartzen dute komunikazioan, hala nola ezpainen mugimenduak,
aurpegiko muskuluak, mingaina, sorbaldak eta burua. Den-denek daukate
berebiziko garrantzia, eskuek betetzen dutena bezain handia. Horietan datza,
adibidez, esaldi bat galdera, ukazio edo berrespena den bereiztea

Ikasteaz
Joan den mendeko
seigarren hamarkadan, arau batzuen arabera zeinatzearen balio linguistikoa eta
aukera anitzak agerian geratu ziren. Horrela zeinu eta keinu bidezko kode
horrek "hizkuntza statusa" hartu zuen eta, horri esker, pertsona
gormutuen hezkuntza errotik aldatu, hobetu zen. Hortik aurrera, entzuteko zailtasunak
zituen haurra zeinu hizkuntzaz jabe zitekeela onartu eta bide horretatik
eramatea sustatu zen. Helburua argi zegoen: komunikatzeko tresna horrek balio
izan zezan haurraren garapen kognitibo eta linguistikoaren funtsezko pieza
gisa. Bistan zen ahozko metodo "hutsak" ikasle gutxituari ez ziola
ematen mintzatzeko nahi besteko maila eta, gainera, ez zuela hiztun-entzuleekin
komunikatzeko balio; bere hizkuntzaren bidez bere iritzia transmititzeko
aukerak, gutxienez, gorreria den gabeziari beste minusbaliotasunik ez gehitzeko
parada ematen zion gormutuari.
Haurtzaroko
ikasketak haurrari mintzatzen irakasteak baino ahalegin handiagoa eskatzen du
baina, era antolatuan egiten bada eta umeari berdinen arteko giroan jarduteko
aukera ematen bazaio, sei urte betetakoan bere nortasuna zeinatzean txertatzeko
gauza izango da, inongo murrizketarik gabe. Kontua da senideek ere hizkuntza
horretan ikasi behar dutela. Ikasketa hori bermatzeko, elkarte eta fundazioek
ikastaroak eman ohi dituzte. Ikasketak hiru maila ditu: hastapenekoa eginik, 30
ikastordu eman ondoren, arreta, ikuspen-diskriminazio eta esku-arintasuna
berariazko trebeziak ezagutuko ditu ikasleak. Maila ertainean (300 ordu inguru)
zeinu bidezko alfabetatze eta zeinatzeaz jabetzen da. Goi maila eginikoan pertsona
elebidun irtengo da.
Pertsona gormutu batekin mintzatzeko oinarrizko
aholkuak
- Entzumen alorreko arazoak dituen norbaitekin mintzatu nahi baduzu,
ukitu bizkarrean.
- Eskuak aho aurrean: ezpainak irakurtzea eragotziko diozu.
- Logikoa denez, ez mintzatu atzetik; hitz egin beti aurrez aurre.
- Saia zaitez ahoan ez izaten txikle, karamelu edo zigarrorik;
gormutuekin ari zarela, horiek ulermena zaildu egiten dute.
- Mintza zaitez gormutuekin, ahal dela, mezu laburrak baliatuz
IRAKURRI ARRETAZ AZKEN ZATIA, ZE BATZUTAN EZ GARA OHARTZEN ETA ESKUA AHO AURREAN JARTZEN DUGU EDO AURPEGIA MUGITZEN DUGU EUREI ZAILTASUNAK SORTARAZTEN
ResponderEliminar